Urtarrilaren 12an, astelehena, hasiko dira Kalebarren 24ko eraikinaren eraisketa eta harmailaren eraikitze lanak
Datorren astelehenean, urtarrilaren 12an, ekingo zaie Kalebarren 24ko eraikina, aroztegia izandakoa, eraitsi eta harmailak eraikitzeko lanei. Proiektu berriak herria ibaira gerturatu eta harekin are gehiago konektatuko du; horretaz gain, lotura zuzena du ibaia herri paisaiko elementu garrantzitsu gisa definitzen duen prozesuarekin.
Lanok gauzatuko dira Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzako Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako Zuzendaritzak emandako dirulaguntza bati esker.
Lanek sortutako albo kalteak
Soraluze erdigunean kokatutako eraikinaren eraisketak eta grada berriaren eraikuntzak, ezinbestean, eragina izango du herriko hainbat espazio eta elementutan:
Lanak aurrera eramateko materiala uzteko eta beharginentzako aldagelak ipintzeko, Erregetxeko aparkaleku batzuk kenduko dira obrak iraun bitartean.
Kalebarren 24 inguruko taberna eta terrazen ohiko erabilera aldatu egin beharko da eta neurri berriak hartuko dira tabernariekin adostuta. Lanak garatzen diren neurrian, egokitu egingo dira hartutako neurriak.
Gradak ezartzeko, zuhaitz bat eta hainbat arrama moztu beharko dira, halabeharrez. Lanek inguruko elementu naturaletan ahalik eta eragin txikiena egin dezaten ahalegina egingo du udalak, baina obra garatzeko beharrezko diren neurriak hartuko dira. Behin lanak amaituta hartuko dira atzera ere berrezartzeko erabakiak.
Aurrekontua eta lanen arduraduna
Zestoako Lurkide hondalanak enpresa arduratuko da lanez, eta aurreikuspenen arabera, bost hilabete inguruko iraupena izango dute. Aurrekontuari dagokionez, 355.717,79€ gehi BEZ izan da.