Zurrumurru faltsuen harira

2019/01/10
Soraluzeko Udalak herritarren laguntza eskatu du joan den urtarrilaren 1ean gertatu zen eraso matxistaren egiletzaren gainean oinarririk gabeko zurrumurrurik zabaldu ez dadin.

Joan den urtarrilaren 1eko goizaldean gertatu zen eraso matxistaren egiletzaren gainean herrian zabaldu diren zurrumurruak direla eta, Soraluzeko Udalak argitu nahi du aipatu zurrumurruek ez dutela inongo oinarririk.

Soraluzeko Udalak indarkeria matxista oro gaitzesten duela berretsi nahi du, baina, aldi berean, argi utzi nahi du era honetako gertakarien gaineko egiletzari buruzko frogarik gabeko espekulazio eta salaketek kalte handia eragin diezaoketela salatuari.

Herri administrazioen zeregina da biktimen anonimatua eta intimitaterako eskubidea bermatzea, baina anonimatua gordetzeko ahalegin horrek ez lieke biderik eman beharko, gertatzen ari den moduan, hirugarren pertsonen irudiarentzako kaltegarri diren salaketa injustuei.

Hori horrela, Soraluzeko Udalak laguntza eskatu nahi die herritarrei ez dezatela lagundu oinarririk gabeko zurrumurru negatiboak zabaltzen; horrek asko zailtzen duelako gure udalerriko eta inguru hurbileko bizikidetza.