Dolmenen Ibilbideko erakusketa Soraluzen egongo da apirilaren 27tik maiatzaren 9ra
Elgoibar, Bergara eta Soraluze artean kokatzen den Dolmenen Ibilbidean egindako
indusketa arkeologikoetan aurkitutako materialak hiru udalerrietan erakusgai jarri
dira lehen aldiz. Ekimen honek eskualdeko ondare megalitikoa herritarrengana
hurbiltzea eta historiaurreko ondarea balioan jartzea du helburu. Elgoibarren eta
Bergaran ikusgai egon ondoren, gaurtik maiatzaren 9ra bitartean zabalik egongo
da erakusketa Soraluzen.
Tokia: Kiroldegiko erakusketa gelan.
Ordutegia: Astegunetan 18:30etik 20:00etara eta larunbatetan 12:00etatik 13:30era.
Dokumentala eta bisita gidatua, apirilaren 30ean Soraluzen
Erakusketarekin batera, egitarau berezi bat prestatu da eta apirilaren 30ean,
ostegunean, arratsaldeko 19:30etan, Herri Antzokian ikus-entzunezko bat izango
da. Proiektatuko den dokumentalak dolmenen ibilbidean parte hartu duten
herritarren testigantzak biltzen ditu.
Proiekzioaren ondoren, Jesus Tapia arkeologoak bisita gidatua eskainiko du
erakusketa gelan eta bertaratuek ikerketako materialak gertutik ezagutzeko aukera
izango dute.
Balio handiko aurkikuntza arkeologikoak
Dolmenen Ibilbideko monumentu megalitikoetan egindako indusketek balio handiko
aztarnak azaleratu dituzte. Aurkitutako piezek historiaurreko komunitateen
bizimoduari buruzko informazio baliotsua eskaintzen dute: haien elikadura,
teknologia, beste komunitateekin izandako harremanak eta ohiturak. Ikerketa-lanen
barruan aztertutako material horiek Gordailutik atera eta lehen aldiz jarri dira
publikoaren aurrean; Elgoibarren eta Bergaran ikusi ahal izan dira dagoeneko, eta
orain Soraluzen ikusgai jarriko dira.
Historiaurreko ondarea ezagutzeko ibilbidea
Dolmenen Ibilbidea ibilbide historiko-naturala da, Elgoibar, Bergara eta Soraluze
lotzen dituena. Mendiaren gainetik doan bideak historiaurreko aztarnak —dolmenak,
tumuluak eta bestelako monumentu megalitikoak— paisaia ikusgarriekin uztartzen ditu.
Behar bezala seinaleztatuta dagoenez, bisitariek monumentu megalitikoak
erraz aurkitu ditzakete, naturaz gozatu eta eskualdeko historiaurreko ondarea
ezagutu bitartean.