Martxan dira Kalebarren 24ko eraikinaren eraisketa eta harmailaren eraikitze lanak

Martxan dira Kalebarren 24ko eraikinaren eraisketa eta harmailaren eraikitze lanak

2026/01/16
Aurrera doaz Kalebarren 24ko eraikinaren eraisketa eta harmailaren eraikitze lanak; datorren astean hasiko dira eraikin zaharra eraisten.

Duela astebete, urtarrilaren 9an, jakinarazi zuen udalak hastekoak zirela Kalebarren 24ko eraikinaren eraisketa eta harmailaren eraikitze lanak. Soraluze erdigunean kokatutako obra izaki, ezinbestean, albo kalteak izango dituela adierazi zuen albistean. Eragin nabarmen horiek zenbait kezka eta ezinegon sortu ditu herritarren artean.

Hori dela eta, udalak herritarrei adierazi nahi dizkie proiektuaren ardura duen obra-buruak Kalebarren 24ko eraikinaren eraisketa eta gradak eraikitzeko lanek ekarriko dituzten ondorioei buruzko azalpenak.

Azalpen teknikoak

Obra buruak azaldu duenez, "jarduketa-eremuko lanak behar bezala eta segurtasunez gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da bertan dagoen arbola kentzea, baita inguruko zuhaitzen adar batzuk moztea ere. Kenduko den arbola karga-hormaren gainean eta lan-eremuaren erdian kokatuta dagoenez, zuzenean eragozten du obren garapena."

Gainera, azaldu du eraisketarako erabiliko den makinariak (beso artikulatudun plataforma elebadora eta 20 eta 8 tonatako retroexkabadorak) beharrezko dituen lan-eremua, mugimenduak eta maniobrak egiteko oztopo dela zuhaitza. Eta gaineratu du "lanerako dagoen espazioa oso mugatua denez, arbolaren presentziak erabat eragozten ditu makineriaren kokapena eta maniobrak, materialaren karga eta deskarga, eta obren garapen segurua. Horregatik guztiagatik, obraren bideragarritasuna, segurtasuna eta exekuzio zuzena bermatzeko, ezinbestekoa da lanak oztopatzen dituen arbola kentzea eta lan-eremuan eragina duten adarrak moztea."

Azalpen tekniko osoa azalduta dago urtarrilaren 14an obrara egindako bisitako aktan.

Udal gobernua lanen alde

Azalpen horiek guztiak kontuan hartuta, udal gobernuak berretsi egiten du obra gauzatzearen aldeko erabakia. Izan ere, sinesten du Soraluzek, Plaza Zaharrak eta soraluzetarrek askoz ere gehiago irabaziko dutela lanokin, galduko dutena baino. 

Behin lanak amaituta, hartuko dira obraren garapen zuzenaren ondorioz kaltetutako elementu naturalak leheneratzeko erabakiak.