
Euskaraldia bertan da; eguenean, maiatzaren 15ean, hasiko da 11 egun iraungo dituen ariketa soziala
Euskaraldirako atzerakontua hasi da dagoeneko, bi egun besterik ez baitira falta ariketa sozialari hasiera emateko. Laugarren edizoa da aurtengoa, eta maiatzaren 15etik 25era bitarte, 11 egunez, gure hizkuntza-ohiturez hausnartu, aldatu eta euskaraz gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egitea du helburu.
Dagoeneko laurehundik gora dira ariketa sozialean ahobizi edo belarriprest rolarekin izena eman duten soraluzetarrak. Dena den, oraindik ere eguenerarte izen-ematea zabalik egongo da online, Euskaraldiko webgunean edo aurrez aurre, Euskaraldiko lan-taldeak Udaletxe inguruan goiz eta arratsaldez ipintzen duen postuan.
Adierazpen instituzionala
Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten gobernu talde guztiek ere bat egin dute ekimenarekin eta adierazpena kaleratu dute Euskaraldiaren atarian:
Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da, Euskal Herri osoan eragiteko sortua. Mugimenduak herritarren hizkuntza-praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez.
Euskaraldiaren helburuak zabaltzeko unea iritsi da: ez da soilik ariketa egun horietara mugatzen den dinamika, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatu eta gizartean errotu nahi duen ekimena baizik.
Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea da, eta, horrez gain, entitateek ere euskaraz bizitzeko aukerak eta neurriak hartzea sustatu nahi da. Euskaraldiak, modu kolektibo eta sozial batean, tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta elkarlanean aritzea ahalbidetzen du, euskaraz bizitzea posible egingo duten neurriak eta espazioak sortuz.
Ariketa sozialaren laugarren edizioa, beraz, 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean izanpo da. Edizio berri honen leloak dion bezala, ELKAR MUGITUZ EGINGO DUGU, denok batera, mugimendua sortu eta beste pauso bat eman dezagun euskararen erabileran.
Ariketa sozialean bi parte hartze mota egongo dira. Alde batetik, herritarrak. Gutxienez euskara ulertzen duten eta 16 urtetik gora dituzten norbanakoek ahobizi eta belarriprest gisa hartuko dute parte, jokabide bat edo beste aukeratuz. Beste alde batetik, entitateak. Mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte. Helburu nagusia entitate hauen baitako harremanetan euskararen erabilera handitzea izango da.
Aurten ariketa sozialean parte hartuko duten entitateei eta belarriprest eta ahobiziei gonbidapen gehigarri bat helarazi nahi diegu: beren egunerokoan edo jardunean euskararen erabilera areagotzeko urrats esanguratsuak eman ditzatela, lehen hitza euskaraz eginez; elkarrizketa elebidunak ahalbideratuz; azken batean, euskaraz dakienarekin euskaraz eginez eta egin ala ez, norberarik euskaraz egiteko eskatuz.
Gonbidapen honen helburua da bakoitzaren inertzia linguistikoetan aldaketa praktikoak lortzea. Horretarako, partaide bakoitzak -izan herritar edo entitate- bere buruari euskararen erabilera areagotzeko zein urrats eman dezakeen pentsatu eta Euskaraldiak irauten duen hamaika egunetan urrats hori gauzatu eta jakinaraztea nahi dugu.
Hori dela eta, Soraluzeko udalak honakoa adierazi nahi du:
- Euskaraldia ekimena babesten duela eta entitate bezala parte hartuko duela ariketan.
- Gizartean eta herrian bertan Euskaraldia sustatuko duela, ariketarekiko atxikimendu publikoa erakutsiz.
- Euskaraldi kulturalari lotutako ekimenak babestu eta sustatu dituela eta herritar guztiak bertan parte hartzera animatu nahi dituela.
- Udalean euskararen alde urrats esanguratsuak ematen eta ikusarazten jarraituko duela. Esaterako:
- Soraluzeko Udalean euskararen erabilera sustatzeko VII. Plangintzaldiko plan berria martxan jartzen ari da.
- Eta negu honetan, herritarrekin batera AROA prozesua garatu du: Soraluzen euskara sustatzeko, biziberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko plan estrategikoa (2025-2034) osatuz eta datozen urteotan bide emanez.
Honengatik guztiagatik, herriko entitateei eta herritarrei Euskaraldian izena eman eta parte hartzeko proposamena luzatu nahi diegu: Euskaraldia
Elkar mugituz egingo dugu!
Hasiera ekitaldia maiatzaren 15ean
Maiatzaren 15ean, eguena, 19:00etan Plaza Barrixan ekingo zaio ekimenari hasiera ekitaldiarekin.
Txupina botako da, txapa jazte kolektiboa egingo da, bertsoak egongo dira, buruhandi eta txistulariekin kalejira egingo da, herrigunean zehar eta amaitzeko, buruhandiekin lasterketak egitera animatuko dira gaztetxoenak.
Etxean buruarinak edo buruhandiak dituzten familiei gonbita luzatzen zaie ekitaldira ekar ditzaten eta hartara, kalejiran parte har dezaten.
Ekitaldi ugari Euskaraldi kulturalaren baitan
Euskaraldiak irauten duen 11 egunetan ere ekitaldi ugari antolatu dituzte herriko hainbat eragilek ariketa sozialeko egunak girotzeko.
Familientzako moduko ekintzak ere bai
Familiek ere hainbat ekintza eta jarduera izango dute. Tartean, joan den astebururako antolatutako mural eta kutxa pintaketa, eguraldi iragarpen eskasaren ondorioz atzeratu zena: maiatzaren 17an, datorren zapatuan egingo da.