Soraluzeko tokiko bildumaren aurkezpena eta Arantza Lasa lehen liburuzainari omenaldia barixakuan, urriaren 31n
Liburutegien Eguna joan den barixakuan, urriaren 24an izan zen, eta Soraluzeko Udal Liburutegiak ekintza ugari antolatu ditu ospakizunera batzeko.
Joan den astelehenean hasi zen ikasturte honetako Irakurketa Erronka eta eguaztenean, urriak 22, Plaentxi Herri Ikastetxeko 5. mailako ikasleak liburutegian izan ziren Poropopoesia tailerrean akrostikoak, haikuak eta poema dadaistak idazten. Gaur arratsaldean, ostera, Mikel Guerendiain idazle nafarrak Mauro bere lehen eleberria aurkeztuko du, Ezkaba mendiko San Kristobal kartzelako presoen 1938ko ihesari buruzkoa.
Hurrengo hitzordua datorren barixakuan izango da, urriaren 31n, goizeko 11:00tan liburutegian, eta Soraluzeko Bilduma aurkeztuko da bertan; gainera, omenaldia egingo zaio Arantza Lasa Maiztegi Soraluzeko lehen liburuzainari.
Tokiko bilduma, herriko historiaren ispilu
Tokiko bilduma herriari edo komunitateari buruzko dokumentuek zein herritarrek sortutakoek osatzen dute; hori horrela, Soraluzeko bildumak batzen ditu Soraluzeri buruzko dokumentuak, Soraluze aipatzen dutenak, Soraluzen girotutakoak eta soraluzetarrek idatziak. Herriko memoria bibliografikoa da eta Soraluzeko historiaren ispilu eta udal liburutegiari dagokio hura kontserbatu, antolatu, elikatu eta haren zabalpena egitea.
Soraluzeko udal liburutegian aspalditik egon da tokiko bilduma; hala ere, ezezaguna da erabiltzaile gehienentzat eta nahiko ezkutuan egon izan da. Barixakuko hitzorduaren helburua da Soraluzeko bildumaren berri ematea, kokaleku berrian, eta herritarrek tokiko fondoa ezagutzea, herri-identitatea eta memoria sustatzen baititu.
Omenaldia lehen liburuzainari
Soraluzeko bildumaren aurkezpenarekin batera, Arantza Lasa Maiztegiri omenaldi xumea egingo zaio, bera izan baitzen herriko lehen liburuzaina.