
Kanpandorreko kanpaiak eta erlojua martxan dira berriz ere
Azken urtetan kanpandorreko kanpaiek eta erlojuak zeresan ugari eman dute herrian. Erlojua matxuratuta egon da azken urteetan; kanpaiekin aldiz, funtzionamenduarekin lotutako gorabeherez gain, eskaerak izan dira herritarren partetik uda garaian, behintzat, gauez jo ez dezaten.
Udalak erlojua eta kanpaiak herriko identitate ikurtzat ditu; hori dela eta, elizako ordezkariei lankietzarako eskua luzatu izan die. Nahi baino denbora gehiago pasa den arren, pozgarria da dagoeneko erlojua zein kanpaiak martxan izatea berriz ere.
Hitzarmen bidez, udalak diruz lagunduko ditu egin diren konponketak eta 8.603,1€ko ekarpena egingo du.
Eskaera, uda garaian gauez kanpairik ez jotzeko
Azken urtetan hainbat herritarrek eskaera egin izan diote elizari uda garaian gauez kanpaiak isiltzeko. Udaletxera ere helarazi izan dute beraien eskaera. Arartekora ere jo zuen herritar taldeak eta hark, idatzi baten bidez, elizako kanpaiek eragindako eragozpenak direla eta, indarrean dagoen araudiaren arabera egin dituen edo egin asmo dituen jarduerei buruzko argibideak eskatu zizkion udalari.
Hau guztia horrela, kanpaien hotsa araudiak zehaztutakoaren barruan zegoen ala ez jakiteko, kanpaien hotsen txosten teknikoa egitea erabaki zuen udalak. Azterketa teknikoa eta txostena aditua den enpresa batek egin du, eta horretarako, herriko hainbat puntutan egin dira soinu-neurketak; bai kalean, baita etxebizitza partikularren barnean ere.
Egindako neurketen arabera, Soraluzeko elizako kanpaiek ateratzen duten hotsak ez ditu betetzen Zarataren 37/2003 Legeraren 1367/2007 Errege Dekretuak (neurketa horietan aplikatzen den prozedura da) eta Euskal Autonomia Erkidegoko 213/2012 Dekretuak ezarritako muga-balioak.
Ondorioz, udalak eskaera luzatzen die elizako arduradunei, neurketen emaitzak kontuan izanda, uda garaian 23:01etik 06:59ra, kanpaiak isilik egoteko programatzeko. Proposamen honek barnebiltzen baititu bai kanpaiekiko soraluzetarrok dugun lotura emozional eta identitarioa, baita hots akustikoaren eragina garai jakin batean murriztuz, kalitatezko loa eta atsedena bermatzeko eskubidea ere.