Harrera komunitarioko mahaiaren lehen bilera eguenean egingo da, Kalebarren 8an

Harrera komunitarioko mahaiaren lehen bilera eguenean egingo da, Kalebarren 8an

2026/11/03
Harrera komunitarioko mahaiaren lehen bilera eguenean egingo da, azaroaren 5ean, 17:00etan, Kalebarren 8an.

Urriaren 15ean aurkeztu zuen udalak Soraluzeko Harrera komunitarioko protokoloa eta Harrera Plana. Harrera plan honen helburu nagusia da Soraluzen harrera komunitarioa garatzeko tresna eta ibilbide-orri estrategiko bat eskaintzea. Elkarbizitza sustatzea xede duen proposamen honek ikuspegi integrala eta komunitarioa jartzen ditu erdigunean.

Urriko aurkezpenaren laburpena ikusi nahi izanez gero, hemen dago euskaragarri. 

Harrera protokoloak hainbat pauso aurreikusi ditu, alde baterik lehen harrera deiturikoak, bestetik harrera orientazioak eta azkenik harrera saioak. Harrera planak berriz, protokoloa gaindituz bestelako ekimen ugari ere elkar lotzen ditu, elkarbizitza indartzea eta harreraren gaia zeharlerrokotasunez landuz herri eragileekin batera.

Harrera instituzionala martxan

Hilabete honetan zehar abiatuko dira, protokoloan jaso bezala, lehen harrera eta harrera orientazioa deitutakoak udaletik. Lehen harrera, udaletxeko harrerako langileak egingo du orain artean bezala; baina bertan harrera orientaziorako txanda bideratuko zaio errolda agiria tramitatzearekin eta harrera gida banatzearekin batera.

Harrera orientazioak, barixakutan egingo dira. Bertan, etorri berriarekin aurrez aurreko elkarrizketa bat egingo dute udaleko harreragileek, harrera integral eta gertukoago bati bide emanez. Etorri berriaren perfilaren araberako deribazioak bideratuko dira; eta horrez gain Soraluzeko herriari buruzko beharrezko informazioa ere zuzenean eskeiniko da. Harrera orientazioetarako Kalebarren 8ko gela txikia egokitzen ari da Udala. 

Harrera mahaiaren lehen bilera eguenean

Harrera mahaian harrerarekin nolabait lotzen diren herri eragile guztiak gonbidatu dira eta baita norbanako bezela bere alea eskaini nahi duen herritar oro ere. Bertan, harrera protokoloa errepasatu, deribazioak nola egin zehaztu eta batez ere harrera planean jasota dauden ekimenak landu eta koordinatuko dira elkarrekin. Mahaiaren funtzioak errepasatu eta zehaztearekin batera, urtean bi aldiz bilduko den mahai honen lehenbiziko erronka datorren urte hasieran egingo diren ONGI ETORRI SAIOAK prestatzen hastea izango da. 

Hori dela eta, Soraluzeko Udalak herri eragileak nahiz norbanako gisa ekarpen egin nahi duen oro gonbidatu nahi du datorren bilerara.

Eguna: azaroak 5, eguena
Ordua: 17:00 - 19:00

Tokia: Kalebarren 8