Haurtzaroaren Nazioarteko Egunaren bezperan, Soraluzeko Udalak Oinherriren "Gora haurtzaroa!" manifestuarekin bat egin du

Haurtzaroaren Nazioarteko Egunaren bezperan, Soraluzeko Udalak Oinherriren "Gora haurtzaroa!" manifestuarekin bat egin du

2025/11/19
Soraluzeko Udalak haurrek eta nerabeek herritar eta subjektu aktibo gisa dituzten eskubideak aldarrikatu eta Oinherri Herri Hezitzaileen sareko eragile eta herriekin batera kaleratutako manifestuarekin bat egin du.

Azaroaren 20an, bihar, ospatuko den Haurtzaroaren Nazioarteko Egunaren baitan, Soraluzeko Udalak haurrek eta nerabeek herritar eta subjektu aktibo gisa dituzten eskubideen aldarrikapena egin nahi du eta Oinherri Herri Hezitzaileen sareko eragile eta herriekin batera kaleratutako manifestuarekin bat egiten du. Horrez gain, Ludoteka eta Gazteleku zerbitzuetan Ingurune on dinamika landuko da, Gaztematika sarearekin eskuz esku.

Soraluzeko udala Gora haurtzaroa! leloa aldarrikatzen ari da aurrera eramaten dituen hainbat proiektu eta ekimenen bitartez: besteak beste, urtez urte antolatzen den Haur eta Nerabeen Kontseilua erdigunean kokatuz, aisialdi hezitzailea herriko eragileekin elkarlanean sortuz, hezkuntza eragileekin lankidetzan Hezkuntza Foroak osatuz, herriko espazioak herri hezitzailea izateko bidean eraldatuz, parkeak haur eta familiekin berpentsatuz eta Soraluzeko Hezkuntza Proiektua erdigunean jarriz. Hori dela eta, azaroaren 20tik haratago, bide honetan sakontzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, baita Oinherri Herri Hezitzaileen sareko partaide izateko hartutako erabakiarekin irmo jarraitzekoa ere.

Beraz, Gora haurtzaroa! manifestuarekin bat egin eta kaleratzen du:

  1. Haurtzaroa historikoki eta kulturalki etengabe aldatzen den eraikuntza soziala da. Egun, bi iruditegien artean kokatzen da: bata, tradizionala, menpekotasuna nabarmentzen  duena; bestea, garaikidea, haurren eskubideak eta erantzukizunak aitortzen dituena. Lehenengoaren ondorio nabarmena da egun haurrak gehiegi babesteko eta kontrolatzeko  joera. Bigarrenak, aldiz, haurrak gaitasundun eta eskubidedun subjektu bilakatzen ditu. Paradigma berri horrekin bat egiten dugu, haurra subjektu politiko soziala delako orain eta  hemen, ez etorkizunean soilik. 
  2. Haurra komunitatearentzat jakintza eta trebetasun esanguratsuak dituen subjektua dela aldarrikatu nahi dugu eta ondorioz, bere parte hartzea komunitatearen eguneroko erabakietan txertatzea dagokigula.
  3. Parte-hartze hori haurtzaroaren ezaugarrietara egokitzeko giltza topatu nahi dugu,  haurrek mundua ulertzeko eta bizitzeko modu propioak dituztelako. Helburuak, beraz, ezin du izan haurrak helduon moduetan parte hartzen jartzea, baizik eta helduak haurren  kulturaz jabetzea. Horrek, halabeharrez, helduzentrismoa interpelatzera garamatza.  Haurrekin benetako parte-hartzea sustatzea nahi badugu, desikaste prozesu bat eskatzen  digu, besteak beste, heldu moduan jendarte honetan gorpuzten dugun botereaz  kontzientzia hartzeko, helduzentrismoa zalantzan jartzeko eta sor ditzakegun zapalkuntza egoerak identifikatzeko.
  4. Haurrak adina haurtzaro existitzen direla aldarrikatu nahi dugu, haurtzaroa ere aldagai  ezberdinek zeharkatzen dutelako, besteak beste, jatorriak, klase sozialak, generoak, desgaitasunak etabar luze bat. Haurtzaro guzti horien oinarrizko beharrak asetzea bermatuko duten eta denak aske bizitzeko aukera izango duten herria izan nahi dugu.
  5. Haurtzaroaren garapen on bat eman dadin ezinbestekoak diren lau aldagai kontuan hartu nahi ditugu herri moduan: herria haurren jolaserako espazioa bihurtuz, non jolasteko denbora ahalbidetuko den, haurren autonomia sustatuz, elkar topatzeko espazioak eraikiz eta birnaturalizazioan sakonduz. 

Bide batez, haurren eskubideen gogorarazpena ere familia eta jendarte osora zabaldu nahi dugu:

Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak Gaztematika sarearen bitartez, Ingurune On estrategia jarri du martxan. Pasa den ikasturtean haur, nerabe eta gazteengan eragina duten lege berriek ezarritako betebeharrak aintzat hartuta,Ingurune On eredua marraztu zen aisialdi hezigarriaren eremuan indarkeria prebenitzeko. Aurten, estrategia horri jarraituz, lanketa berezia egingo da Soraluzeko ludoteka eta gazteleku zerbitzuetan Gaztematikarekin eskuz esku; helburua, ingurune seguru, babesle eta tratu onekoak sustatzea.