Munduko ipuinez beteko dira Soraluzeko kaleak aurten ere, irailaren 27an, zapatua
plaentxia.eus

Munduko ipuinez beteko dira Soraluzeko kaleak aurten ere, irailaren 27an, zapatua

2025/09/19
"Munduko ipuinen eguna" bigarrenez ospatuko da Soraluzen irailaren 27an, zapatua, egun osoko egitarau betearekin.

Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Udaleko Kultura Batzordeak eta Udal Liburutegiak elkarlanean antolatu dute Munduko ipuinen egunaren bigarren edizioa, irailaren 27an Soraluzeko bazterrak hainbat txokotako hizkuntzaz eta istorioz beteko dituen ipuinen festa.

Gure herrian euskaraz gain, beste hainbat hizkuntza hitz egiten dira; hala nola, gaztelania, galegoa, katalana, arabiera, amazigera, urdua, punjabiera, italiera, ingelesa, alemana... Hizkuntza aniztasun horri aitortza egin nahi die datorren asteko festak, herritarren zein hizkuntz komunitateen arteko hartu-emanak ahalbidetzea bultzatu eta ipuinen balioa sustatu.

Hainbat hizkuntza eta jatorritako ipuin kontaketak izango dira egunaren oinarria, eta herriko saltokien ipuin-liburu azoka eta liburutegi txokoa ere egingo dira. Ipuinek kaleak hartuko dituzte, izan ere, eskaintza guztia Soraluzeko kaleetan izango da, herriko hainbat txokotan.

Ipuin kontaketak

Ipuinek ez dute adinik, ezta mugarik ere. Eskainiko diren ipuin kontaketak, orokorrean, adin guztietarako pertsonentzat izango dira eta mugaz gaindi eramango dute ipuinek entzulea gertuko zein urruneko txokoetara.

Joan-etorriko istorioak, Larraitz Urruzola (EH-Galiza)

Larraitzek Euskal Herrian eta Galizan ezagututako istoriak partekatuko ditu, kosmobisio feminista duen joan-etorriko ibilaldi emozional batean, herri ipuinak, Rosalia de Castroren poemak eta bi nortasun kulturalen tradizioei buruzko gogoeta plazaratuta.

Món txicotet, ipuinak josten, Ester Poveda (EH-Valéncia)

Mundu osoan zehar bidaiatu ondoren, Esterrek hainbat kulturatako ipuinak eta elezaharrak ekartzen ditu bere historia hobeto ezagutzeko. Ipuin dantzatuak, ipuin kantatuak... haien artean josten diren ipuinak. 

Azeriaren kontuak, Tarana Karim (EH-Azerbaijan)

Azerbaijan eta inguruetan aspalditik ahoz aho kontatu diren ipuinak ekarriko ditu Taranak aurten ere. Bere jatorrizko lurraldeko ahozko kulturaren eta literaturaren zatitxo bat partekatutko ditu: pertsonaia bitxiak, istorioak, baloreak...

Inguru minguru, naturarekin bat, Ana Apika eta Intxixu Valbuena (EH)

Biodibertsitatea, biotopoa eta ingurumenaren zainketa gaitzat hartuta, Afrikan eta gure kostaldean kokatutako istorioen bidez biotopoa nola sortu eta zaindu daitekeen kontatuko dute. Ingurugiroa eta birziklapenari buruz arituko dira, musika, ipuinak eta kantak lagun.

Liburutegi txokoa eta ipuin azoka

Goizean zehar haur zein helduentzako munduko ipuinak ikusi, irakurri edo erosteko aukera izango da Plaza Barrixan, 11:00etatik 14:00etara, liburutegi txokoan eta Iratxo eta Estankoa saltokien ipuin azokan.