Soraluzeko Udalak eta Debegesak nork bere etxeko energia diagnostikoa egiteko neurtze aparatuak eskainiko ditu

Soraluzeko Udalak eta Debegesak nork bere etxeko energia diagnostikoa egiteko neurtze aparatuak eskainiko ditu

2025/11/06
Soraluzeko Udalak, Debegesarekin elkarlanean, herritarrek haien etxeko kontsumoa beren kabuz diagnostikatzeko maletatxoak ipini ditu herritarren eskura udaletxeko harrera bulegoan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Energia Argitu kanpainaren bidez, etxebizitzetan energia eraginkortasunarekin lotutako neurketa sinpleak egiteko maletatxoak eskaintzen ditu. Ekimen hori oinarri hartuta, SoraluzekoUdalak eta Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, zerbitzu berri bat jarri dute herritarren eskura: norbere etxebizitzako energia diagnostiko sinplifikatuak egiteko maletatxoak.

Maletatxoak etxean neurketak egiteko erramintak ditu, tartean aire-ihesen detektagailua, termometroa eta higrometroa, erradiadoreen purgagailua, entxuferako elektrizitatea kontsumoaren neurgailua, hozkailurako termometroa eta uraren emaria neurtzeko kronometroa. Erraminten erabilerak ez du inolako ezagutza teknikorik eskatzen; beraz, interesdun pertsona orok erabili ahal izango ditu. 

Gainera, maletatxoarekin batera galdetegi bat dator. Galdetegiak etxebizitzako ezaugarrien inguruko galderak ditu: argiteria, berogailua eta ur bero sanitarioa, inguratzailea, instalatutako ekipoa, kontratua eta energia berriztagarriak. Emaitzak bai edo ez markatzeko laukitxoak ditu. Erantzunen arabera, fakturan aurrezteko neurri erraz batzuk gomendatzen ditu

Nola eskuratu maletatxoa

Maletatxoa udaletxeko harreran mailegu bidez eskura dezakezu. 14 eguneko eperako zeureganatu dezakezu, baldintza hauek oinarri izanda:

  • Maletinaren eta erraminten erabilera arduratsua.
  • Identifikazio dokumentuaren fotokopia.
  • Baldintza onartzen dituzun dokumentua sinatzea.

Edozein zalantza argitzeko, gerturatu eta zerbitzuaz galde egin ezazu udaletxeko harreran eta jarri zaitez harremanetan 943820110 telefonora deituz, edota agenda2030@debegesa.eus helbide elektronikora idatziz.